Ikerlanak sektorean finantzazio iturrien dibertsifikazio beharra nabarmentzen du
Azaroan, Estatuko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen finantzaketaren eta iraunkortasunaren erronkei buruzko Estatu mailako azterlan batean parte hartu genuen. Zehazki, Sareen Sareak focus group batean parte hartu du, Euskadiko errealitatetik datuak eta proposamenak emateko. Kolaborazio horri esker, sektoreak Estatu mailan dituen erronkak eta aukerak identifikatu ahal izan dira, joan den abenduaren 12ko txostenaren aurkezpenean jaso den bezala.
Ferrer i Guàrdia Fundazioak egindako azterlanak gizarte-erakundeentzako finantzaketa-iturriak dibertsifikatzeko beharra zehaztu du. Era berean, nabarmendu du garrantzitsua dela administrazio publikoak sektorea aitortzea, egonkortasun ekonomikoa eta erakundeen babesa izan dezan. Aurkikuntzek sektorearen finantzaketari eta iraunkortasunari buruzko egungo legedian dauden mugei buruzko oharrak jasotzen dituzte.
Ikerlanerako bildutako informazioa aztertu ondoren, Ferrer i Guàrdia Fundazioak sei ardatz tematikotako gomendioak proposatu ditu, administrazio-prozesuak arrazionalizatzetik elkarri laguntzeko egiturak garatzeraino.
Sareen Sarearen proposamenak
Sareen Saretik, talde-eztabaidako saioan, EHSSko erakundeen finantzaketaren esparruko erronkei eta beharrei buruz hausnartzeko eta horiei aurre egiteko proposamenak egiteko aukera izan genuen. Besteak beste, Hirugarren Sektore Soziala politika publikoak sortzeko funtsezko eragile gisa aitortzea iradoki da, gobernuaren egiturazko aurrekontuarekin. Era berean, administrazioak finantzaketa-irizpide bateratuak ezartzea proposatu dugu, erakunde sozialen iraunkortasuna eta segurtasun juridikoa bermatzeko.