Gizarte-politiken etorkizuneko agertokien analisia
Eusko Ikaskuntza zenbait jarduera egiten ari da aurten, erakundearen 100. urteurrena ospatzeko baliatuko duten XVIII. Kongresuari begira. Kongresu horren harira, oinarrizko lan-ildoetako bat Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoaren ingurukoa da eta, gai horren baitan, ongizate sozialaren sistemak dituen erronken ingurukoa.
Maiatzaren 8an, gizarte-politiken eta gizarte-ongizatearen arloan lan egiten duten eragileak bildu zituen Eusko Ikaskuntzak; zehazki, arlo sozialean, politikoan, akademikoan eta gizarte zibilari lotutakoan aritzen direnak. Sareen Sareko presidente Pablo Gonzalezek abiarazi zuen eztabaida gizarte-politiken etorkizuneko agertokiei buruzko hitzaldi batekin. Hirugarren sektorearen ikuspegitik erreparatu zien gizarte-politikei eta gizartearen beharrek eta erantzunek zer bilakaera izan dezaketen ere aipatu zuen.
Eusko Ikaskuntzako Sozio-ekonomia Arloak antolatutako gizarte-foroan, eztabaidari ekiteko lau hitzaldi txikiren ondoren, adituak, taldetan bilduta, lanean aritu ziren, aurretik, martxoaren 17an, diagnostiko-fasearen baitan, Bilbon antolatutako herritarren mahaietan planteatutako gaiei erantzuteko.
Herritarren mahaietako eta gizarte-foroetako emaitzekin Liburu Zuri bat prestatuko dugu eta Eusko Ikaskuntzaren Kongresuan aurkeztuko dugu, Bilbon, azaroaren 9an. Gizarte-foroan izan ziren Sareen Sareko kide diren sareetako kideak ere. Elkartean-eko presidente Mikel Malkorrak ere hitzaldi bat eskaini zuen, esku-hartze sozialeko zerbitzuen erabiltzaileen ikuspegitik.
Hemen dago bideo laburpena eta hortik aukera dago ponentzia osoak eta testigantza batzuk ikusteko.