Akitania Berriko Conseil Économique, Social et Environnemental Régional (CESER) delakoak eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak (EGAB) Hirugarren Sektore Sozialaren eta euskal erakunde publikoen arteko elkarlan-eredua aztertu dute Bilbon
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen (EGAB) eta Akitania Berriko CESER-en arteko alde biko elkarlan-harremanen barruan, euskal batzordeak Akitaniako kideei harrera egin die eta Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren oinarriak eta gizarte sektoreko erakundeen eta herri-administrazioen arteko gizarte zerbitzuen arloko euskal elkarlan-eredua ezagutarazi die.
Bileran, EGABeko Francisco Huidobro eta CESER-eko Dominique Chevillonek parte hartu dute, eta bi erakundeetako, Hirugarren Sektore Sozialeko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ere izan dira.
Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko topaketa honetan, haren jatorria, osaera eta ezaugarriak, lege-arautzea eta sektore publikoaren eta Hirugarren Sektore Sozialaren arteko Elkarrizketa Zibilaren eredua aurkeztu dira. Pablo Gonzalezek, Sareen Sarea eta Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren lehendakariak, Euskal Herri Administrazioen eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren arteko Elkarrizketa Zibilaren eredua aurkeztu du.
Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren izenean, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea eta Emilio Sola Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria bertaratu dira. Amilibiak Akitaniako ordezkaritzari azaldu dio zein garrantzitsua den Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Legea abian jarri izana, estatus juridikoa ematen diolako Hirugarren Sektore Sozialari, haren erakunde eta sareak sendotuz, erakundeen arteko elkarlana eta erakunde horien eta sektore publikoaren eta enpresen artekoa bultzatuz eta haien ekarpena sustatuz esku hartze sozialaren arloan. Gizarte Zerbitzuen Euskal Legea ere aztertu dute. Lege horrek Gizarte Zerbitzuen laguntza jasotzeko eskubide subjektiboa aldarrikatzen du, hura herritarren eskubide gisa ulerturik; eta, haren edukien artean, Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoa eta Zorroa, Plan Estrategikoa eta Gizarte Zerbitzuen Mapa nabarmentzen dira.
Sareen Sareako lehendakariorde Iñigo Vidaurrazagak eta Mikel Barturen koordinatzaileak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Legetik eratorritako Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Sustapen Estrategia aurkeztu eta sektorearen analisia egin dute, hurrenez hurren.
Lehen hitzaldi horien ondoren, EAPN Euskadiko zuzendaritzako kide Marta Senzek eta EHLABEko koordinatzaile Pablo Moratallak bloke berri bati ekin diote –bi erakundeak Sareen Sarea elkarteko partaideak dira–. Diru-sarrerak bermatzeko ereduari buruzko gogoeta bideratu dute, hura erkidego mailako euskal gizarte babeserako sistemaren elementu aitzindari eta aurreratu gisa aurkeztuz, eta Euskadiko Ekonomia Sozial eta Solidarioaren garrantzia azpimarratu dute.
CESER-eko presidenteaz gain, Akitania Berriko Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Batzordearen zuzendari Jaques Lepriolek, Elkarlana eta Europa Batzordearen presidente Annick Allardek eta gizarte eta osasunaren arloko beste zortzi ordezkarik osatu dute Akitania Berriko ordezkaritza.
Otsailean, aurreikusita dago euskal ordezkaritza bat Akitania Berrira bisitan joatea.