BOEn argitaratutako Sektore Publikoko Kontratuen Lege berriaren arabera, Espainiako ordenamendu juridikora Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2014/23/UE eta 2014/24/UE zuzentarauen bitartez egokitu dena, hitzarmen soziala beste aukera bat izan daiteke, hirugarren gizarte sektoreko erakundeekin kontratu publikoak egitearen aurrean, erantzukizun publikoko gizarte zerbitzuak emateko.
Lege berriaren arabera, Autonomia Erkidegoek kontratu izaerakoak ez diren tresnak erabil ditzakete, gizarte beharrizanak betetzera bideratutako zerbitzu publikoak emateko.
Albiste ona eta garrantzitsua da Euskadiko hirugarren sektorearentzat; izan ere, gizarte zerbitzuen euskal sistemaren kontzertuaren erregimena arautzeko baliagarria izango da. Arautze hori egiteke dago oraindik, Eusko Legebiltzarrak 2008an Gizarte Zerbitzuen Legea onartu zenetik. Zailtasun juridikoak aurkitu ditu bidean, aipatutako Europa mailako zuzentarauek eta estatuko legeak zalantzarik gabe argitzen dituztenak.
Sareen Sareak proposamen batzuk landu ditu azken urteetan eta Gorte Nagusietan ordezkaritza izan duten alderdi politiko nagusiekin elkarrizketak egin ditu, gizarte erakundeen garrantzia ikusarazteko, Euskaditik kanpoko hirugarren gizarte sektoreko beste plataforma batzuekin ere elkarlanean.
Sektore Publikoko kontratuen Lege berriari esker, Euskadin administrazioen eta gizarte erakundeen arteko lankidetza publiko-soziala garatzen jarraituko dugu, hitzarmen sozialaren figuraren bidez , erantzukizun publikoko gizarte zerbitzuak emateko xedearekin.