Beatriz Artolazabal sailburuak Covid funtsaren eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzen balantzea egin du.

13.000 pertsonak baino gehiagok erabili dute Inor atzean utzi gabe Covid funtsa eta beste 63.000k Gizarte Larrialdietarako Laguntzak.

Mikel Barturen Sareen Sareako koordinatzaileak administrazio publikoaren eta hirugarren sektore sozialaren arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu du.

Gizarteratzearen eta oinarrizko eskubideen gauzatze efektiboaren aldeko erantzun eraginkorrak bilatzen jarraitzea garrantzitsua dela gogoratu du Sareen Sareak.

Eusko Jaurlaritzak Covid-19ren eragin sozialari aurre egiteko laguntzen eta programen balantzea egin duen ekitaldian parte hartu du Sareen Sareak.

13.000 pertsona eta/edo familia baino gehiago izan ziren 2020an Inor atzean utzi gabe Covid Funtsean garatutako zortzi programen onuradun. Funts hori Covid 19aren ondorioz eratorritako edo larriagotutako arrisku-, bazterketa- eta/edo pobrezia-egoerei erantzuteko sortu zen. Gainera, beste 63.000k Gizarte Larrialdietarako Laguntzak jaso zituzten, zeinak arrazoi beragatik osatu baitziren. Hala azaldu du gaur Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak.

Sailburuarekin batera, Inor Atzean Utzi Gabe funtsetik sustatutako zortzi programetan parte hartu duten berrogei erakunde sozial baino gehiagoren ordezkariak ere izan dira. “Auzolanari esker, ordurako bazeuden zerbitzu baliagarriak sustatzeko eta hutsetik hasita ekimenak abiarazteko gai izan gara”.

Ekitaldian, Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta EUDELeko presidenteak eta Mikel Barturen Sareen Sareako koordinatzaileak ere parte hartu dute. Barturenek Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren bazterketa batzordearen izenean parte hartu du eta azaldu duenez, laguntza guztiak oraindik oso beharrezkoak dira, pandemiak erabat aktibo jarraitzen baitu. “Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako Sailarekin biltzen jarraitu dugu, Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako Inor atzean utzi gabe funtsean bildutako programen eragina ebaluatzeko, bai eta programa horien egokitasuna eta jarraipena 2021ean ebaluatzeko ere”. Bestalde, Gorka Urtaranek azpimarratu duenez, “gobernamendu publikoko eredu eraginkorra era askotako lankidetza-estrategietan oinarritu behar da, nahitaez: herritarrekin, ekonomia-egiturarekin eta, nola ez, hirugarren sektore sozialarekin”.

Artolazabalek azpimarratu duenez, 2021ean pandemiaren eragin sozialei aurre egiteko funtseko bost programek aurrera jarraitzen dute, 8,6 milioi euroko aurrekontuei esker. Horiez gainera, 1,3 milioi ere badaude, Aukerak Suspertzen eskolako eten digitalaren aurkako programakoak; programa horrek irauteko joera du, Haur eta Familien Zuzendaritzan. Gizarte Larrialdietarako Laguntzei dagokienez, Beatriz Artolazabalek azaldu du 2021ean 15 milioi euro gehiago emango dituztela.

Elkarlana

Eragile sozial eta politiko desberdinen arteko lankidetza funtsezkoa izan da Covid-19ko krisiari erantzuteko. Elkarrekin egindako lan horren emaitza dira, besteak beste, Inor atzean utzi gabe funtsa eta azken urtean jarduera-programaren parte diren gizarte-erakundeek garatu dituzten proiektuak; Guztion Artean ekimena, boluntarioen elkartasuna bideratzeko; edo pertsona zaurgarrienei arreta psikosoziala emateko zerbitzuak.

Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeek egin duten lana azpimarratu du Barturenek, aurrekaririk ez duen osasun eta gizarte larrialdi egoera bati aurre egiteko. Ildo horretan, duela urtebete pertsona, familia eta kolektibo kalteberenei berehalako eta premiazko erantzunak emateko sortu zen beharra gogoratu du.

Sareen Sareako koordinatzaileak EHSSren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, pandemiaren eragin sozialari konponbideak bilatzeko eta beharrak hautemateko. Gauzak horrela, martxoaren 20an, Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren mendeko bazterkeria-batzorde mistoa abiarazi zen. Bertan, lehen mailako erakunde sozialek eta Beatriz Artolazabalen sailak lan handia egin zuten premia sozial larrienei aurre egiteko. “Elkarrizketarako gune bat izan da, sailen arteko eta erakundeen arteko koordinazioa erraztuz”, azaldu du Barturenek.

Zentzu horretan, batzorde horrek elkarrizketa zibilaren jarduera egokiaren adibide garbia eman duela nabarmendu du Sareen Sareak, erantzunak elkarlanean bilatzeko aukera emanez.

Azkenik, larrialdi handieneko unea igaro denean, erronka handi bati aurre egin behar zaiola ohartarazi du Mikel Barturenek: behar berriak dituzten pertsonak, familiak eta kolektiboak eta premia zahar larriagoak dituztenak. “Orain erantzun eraginkorrak prestatu eta ibilbideak diseinatu behar dira, normaltasun berri batera begira, gizarteratzeko eta oinarrizko eskubideak benetan erabiltzeko aukera izan dadin”, azaldu du Sareen Sareako koordinatzaileak.