Urtebeteko aurrerapenak eta konpromisoak Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala indartzeko

Lanean ari gara

albiste hau irakurketa errazan idazteko.

Barkatu eragozpenak.

2024a amaitzear da, eta Sareen Saretik aurten Euskadi bidezkoago eta sozialki inklusiboago baterantz elkarrekin egin dugun bidea eta haren lorpenak nabarmendu nahi ditugu.

Hortaz, urteko mugarririk esanguratsuenak partekatzen ditugu, 2025ean etorriko diren erronka eta proiektuetan bidea irekitzen digutenak.

Indartzea eta bateratzea

Aurten Sareen Sarearen hamargarren urteurrenaospatu dugu, EHSSko erreferentziazko sare gisa finkatu gaituen ibilbidea gogoratuz. Hamarkada honetan zehar, sektore indartsuagoa, kohesionatuagoa eta aitortuagoa eraikitzeko ahaleginak batu ditugu. Eta 2024 ez da salbuespena izan. Azaroan, UNAD Euskadi (adikzioak artatzeko sarea) Sareen Sarean sartu zen. Txertatze horrekin, dagoeneko 18 sare batu gara Euskadi inklusiboagoa eta solidarioagoa sustatzeko.

Era berean, gobernantza eta elkarrizketa publiko-sozialerako ahalmena indartu dira lurralde-mailan, Gipuzkoako Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren sorrerarekin. Mahai hori funtsezkoa da gizarte-politiken sustapenean Foru Aldundiarekin lankidetzan aritzeko.

EHSSren aldarrikapena eta iraunkortasuna

Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna maiatzean egin zen, “Aldaketa eraikitzen” lelopean. Ekitaldi horretan akordio politiko, sozial eta instituzional handiak eraikitzearen garrantzia nabarmendu genuen, baita elkarrizketa zibila eta erakunde publikoen eta Hirugarren Sektore Sozialaren arteko lankidetza indartzeko beharra ere. Gainera, Gonzalo Rodríguez Aguirregoitiari eman genion Sareen Saria, EHSSren kohesioan eta gobernantzan egindako ibilbideagatik.

Ekainean, sektorearen iraunkortasun ekonomikoari buruz eztabaidatu genuen gure Batzar Nagusian, gure sare eta erakundeentzako finantzaketa egonkor eta nahikoa bermatzeko estrategiak aztertuz. Gainera, aurten ere Ferrer i Guàrdia fundazioak egindako sektorearen finantzaketari buruzko bigarren azterlanean parte hartu dugu.

Eragin politikoa eta lege-aurrerapenak 

Eragin politikoa izan da 2024ko beste funtsezko ardatz bat. Proposamenak egin ditugu hauteskunde autonomikoetarako eta Europako hauteskundeetarako eta alderdi politikoekin bildu gara gizartean garrantzi handia duten gaiak jorratzeko, hala nola zaintza publiko-komunitarioaren ereduari buruz, genero-berdintasunari buruz eta oinarrizko eskubideetarako sarbide unibertsalari buruz.

Gainera, Nerea Melgosa sailburuak, Ongizateko sailburuorde berriak eta Hirugarren Sektore Soziala eta Gizarte Ekintza Sustatzeko zuzendari berriak gure egoitzara egindako bisitak azpimarratu egin du Sareen Sareak duen zeregin estrategikoa Euskadiko gizarte-politiketan aurrera egiteko gobernantza kolaboratiboan. Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak gure sektoreak erronka sozialei aurre egiteko funtsezko eragile gisa duen garrantzia azpimarratu zuen, eta Hirugarren Sektore Sozialaren Legea guztiz hedatuko dutela iragarri zuen.

Araudiaren esparruan, funtsezko proposamenak egin dizkiegu Haurren eta Nerabeen Legeari eta Lankidetza eta Elkartasunari buruzko Legeari (otsailean onartu ziren); garrantzi handiko arauak gizarte bidezkoagoa, inklusiboagoa eta solidarioagoa eraikitzen jarraitzeko.

Haurren, nerabeen eta gazteen eskubideen aldeko konpromisoa

Haur eta nerabeen eskubideen indartzea oso presente egon da 2024an, Sareen Sarearen Haur, Nerabe eta Gazteen Eskubideen Batzordearen jarduera handiarekin. Martxoan, haurrek eta gazteek parte hartzeko ekimenak mapeatzeko proiektuari ekin genion, eskubide horren erabilera bermatzen duten Euskadiko erakunde sozialen proiektu berritzaileak identifikatuz.

Halaber, haur eta nerabeek politika publikoen diseinuan parte-hartze aktiboa izan dezaten sustatzeko tailer batean parte hartu dugu. Azaroan, Haurren Eskubideen Munduko Eguna dela eta, eragin eta sentsibilizazio kanpaina bat egin genuen, Eusko Legebiltzarrari eskatzeko Haurren eta Nerabeen Euskal Legearekin duen konpromisoa berresteko eta arauaren gakoak nabarmentzeko.

2030 Agenda eta GJHak

2024an, 2030 Agendarekin eta Garapen Jasangarriko Helburuekin dugun konpromisoa sendotzen jarraitu dugu. Sareen Saretik lankidetza publiko-soziala defendatu dugu, eta gure sektoreak GJHen alde eta desberdintasunen aurka egiten duen lana aldarrikatu ditugu 2030 Agenda Euskadi Foroaren aurrean. Gainera, Lehendakaritzarekin eta Euskalitekin lankidetzan, “2030 Agenda garatzeko gida” EHSSra hurbiltzen lan egin dugu, eta gida hori ezartzeko ikaskuntza-saioak antolatu ditugu.