Euskadiko Elkarrizketa Zibilaren Mahaiak Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala Sustatzeko Estrategia ontzat eman zuen atzo. EHSSren sare eta erakundeak sustatzera bideratutako 34 jarduera jaso dira horren baitan, legegintzaldi honetatik harago ere lantzekoak.
Estrategia hori pasa den urtean onartutako Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Legean jasota dauden neurrien parte da, sektorea bera sustatzeko jasotako neurriak, hain zuzen. Eusko Jaurlaritza eta EHSSren arteko estrategia bateratua da, Jaurlaritzaren sailen eta euskal sare sozialaren barneko erakundeen artean sortzen ari den kooperazioan oinarritua. Estrategia garatzen joango da denboran zehar, legegintzaldi honetatik harago, helburu handiak baititu. Horretarako, datozen hiru urteetarako lehentasunezko hamabi ekintza onartu ziren atzo. Prozesu bizi eta dinamiko baten barruan ekingo zaie jarduera horiei, eta euskal administrazio publikoetako beste estamentu batzuen parte-hartzea ere eskatzen da. Horiek ere beren sustapen estrategia propioak landuko dituzte, euskal estrategian finkatutako helburu nagusiekin bat etorriz.
Egiteko horren lidergoa Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Politika Sailari egokitu zaio, eta, horren barruan, Gizarte Politika saileko sailburuordeari, Lide Amilibia. Beatriz Artolazabal sailburuak bere oniritzia eman zuen atzoko bilkuran; honakoak izan ziren bere hitzak: “Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Sustapenerako Estrategiak sektore hori bera sendotu eta bultzatzen du eta araudi esparru berria eratzen du, lankidetza-ibilbidearekin koherentzia mantenduz. Gainera, lehen mailako jauzi kualitatibo bat ematea dakar, elkarrizketa zibila eta eredu mistoaren ezinbesteko oinarriak mantenduz”. “Elkarlan publiko eta soziala gizarte bidezko eta solidario baten bermea da; berdintasunezko gizarte kohesionatu batena, demokratikoa eta parte-hartzailea, guztion ongizatera bideratuta eta pertsonen aldeko apustua egiten duena. Gizarte eta garapen eredu hori lortzeko, gizarte zibilaren erantzukizun publikoa eta parte-hartze aktiboa sustatu behar ditugu, denon artean beharrizan sozialei erantzuna eman ahal izateko, batez ere esku-hartze sozialari dagokionean” esan zuen Artolazabalek.
Sailburuak eta Sareen Sareko eta Elkarrizketa Zibilaren Mahaiko presidentea den Pablo Gonzálezek espero dute “estrategia baliagarria izatea lankidetza publiko-sozialari dagokionez, Euskadiko sektore publikoaren eta sozialaren arteko lankidetza finkatzen laguntzea eta Jaurlaritzak arlo horretan egiten duen lanaren ildo beretik abiatzea, Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaia sendotuz, EHSSko erakundeen komunitate eredua finkatuz, beren nortasun eta ekarpenaren oinarri gisa. Horrekin guztiarekin, gertuagoko arreta integral bat ematea lortu nahi dugu; etengabekoa, pertsonalizatua eta parte-hartzailea, esku-hartzearen arloan orokorrean, eta erantzukizun publikoko zerbitzuetan bereziki, eta eredu mistoa sustatu”.
Sektorearen identitatea, egituraketa eta aitorpena direla eta, erakundeek eta sareek jarraituko dute aurrera egiten beren identitatea definitzen eta koherentzia bilatzen; horretarako, barruan biziko dute sozialki proposatzen dutena, eta, horretarako, aukera-berdintasuna eta tratu-berdintasuna sustatuko dituzte erakundeetan eta intzidentzia-funtzioa. Era berean, urratsak emango dituzte sektorea egituratzeko prozesuan eta, horretarako, Sareen Sareak sektoreko eremuekiko harremana sendotuko da, bai eta sare bakoitzaren barneko antolamendua eta lankidetza horizontala ere, zuzeneko esku-hartzeko erakundeen eta sareen artean.
Ildo beretik, estrategiaren helburua ere bada herritarrek, oro har, eta gizarte-eragileek EHGSren ezagutzan eta aitorpenean aurrera egitea, sektorea eta bere lankidetza, erakundeen identifikazioa eta balio osoa eta balio erantsia ezagutzera emateko eta gardentasuna eta ebaluazioaren kultura sustatzeko ekimen baten bidez.
Azkenik, estrategiaren helburu da, halaber, I+G+b jarduera sustatzea gizarteko esku-hartzearen eremuan, bai eta eremu horretan inbertsio-ekimena sustatzea ere eta, horretarako, nazioarteko kontzertuan dauden esperientziak kontuan hartzea, eta Hirugarren Gizarte Sektorearen Euskal Behatokia bultzatzea eta EHGSren egoera, sustapen-neurriak eta estrategiaren zabalkundea ikertzeko eta ebaluatzeko aldizkako zikloa zabaltzea, legearen aurreikuspenak betetzeko aukera emango duena, eta EHGSren errealitatea ezagutzea eta datuetan oinarrituta sustapen-sistema kudeatzea.