Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna
Maiatzaren 12an, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna ospatzen dugu. Egun horretan, gizarte bidezkoago, solidarioago eta kohesionatuago baterantz aurrera egiten laguntzen duen gizarte-ehundurak duen garrantzia ospatu eta ikusarazten du gizarte-zibil antolatuak. Lan hori, baina, erakunde publikoekin eta bestelako agenteekin lankidetzan arituz egiten dugu. Bi urteko pandemiaren ostean, oraindik gure bizitzetan eragina izaten ari da, eta horregatik gizarte-erakundeen lana gogoratu eta baloratu nahi dugu. Guztion artean Euskadi bidezkoagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko egiten ari garen bidea aldarrikatu nahi dugu. Pertsona zaurgarrienak babesten dituen funtsezko sektorea gara. Gure sektorea osatzen duten 4.000 erakundetan dauden 38.000 profesional eta 138.000 boluntario baino gehiagok haien onena ematen dute gaur eta beti.
Gerraren ondorio izugarriak eta bidegabeak berriro ere hain hurbil ditugun garaiotan, gogoan izan behar dugu beharrezkoa dela pertsona zaurgarrienak, gure babes, elkartasun eta baliabideak gehien behar dituztenak, hartu, lagundu eta zainduko dituen gizartea izatea.
Euskadiko hirugarren sektore sozialeko sareak eta erakundeak biltzen dituen Sareen Sarea elkartetik, Euskadiren etengabeko eraldaketa lortzeko egiten dugu lan. Hirugarren Sektore Sozialeko 6/2016 Legea indarrean sartu zen eguna oroitzen dugun honetan, gure sektoreak 2030 Agendarekiko duen jarrera publiko egiteko baliatuko dugu. Agenda horrek markatuko ditu garapenaren arloko nazioarteko jarraibideak eta eragina izaten ari da EAE osoan. Gure ustez, berezko planteamendua eta planteamendu eraldatzailea eskaini behar ditugu.
Nazio Batuek sinatu zuten dokumentua oinarri sendoa da pobreziarekin amaitzeko, talde zaurgarriak artatzeko eta planetaren kontserbazioaren eta babesaren alde lan egiteko. Horregatik, errealitate eta lurralde bakoitzean interpretatu daiteke eta interpretatu egin behar da, jarraitu beharreko bidea bermatzeko.
Garapen Jasangarrirako 17 Helburuek (GJH) gure gizartea arautzen duten sistemen eraldaketa anbiziotsuak eskatzen dituzte eta politikarien eta esku hartzen duten alde guztien borondatea behar da horretarako. Kontziente izan behar dugu gizarte inklusiboagoa eta jasangarriagoa beste pertsonekiko eta beste gizarteekiko elkartasunetik eraiki behar dela. Ulertu behar dugu garapen sozial eta ekonomikoa nazioarteko lankidetzatik lortu behar dela, belaunaldien arteko lankidetzatik eta babesaren eta giza eskubideen defentsaren benetako ereduak izango diren ingurune inklusiboen eraikuntzatik.
Hirugarren Sektore Soziala ere ez da fenomeno horretatik kanpo geratu. Sektorearen muinean dago elkarlanean gizarte bidezkoagoa, solidarioagoa, kohesionatuagoa eta parte-hartzaileagoa eraikitzeko borondatea izatea, eta egungo garapen ekonomiko eta sozialarekin kritikoagoa eta zorrotzagoa den gizartea eraikitzea; izan ere, gaur egungo gizarteari kosta egiten zaio bazterkerian dauden pertsonei, desgaitasuna dutenei, mendekotasuna dutenei edo babesgabe daudenei begiratzea.
Sareen Sareak egin duen dokumentua tresna eraginkor eta erabilgarria da Euskadiko gizartearentzat, garapenerako politiken koherentzia lortzen laguntzen baitu. 2030 Agendako helburu eta xedeek maila guztietatik jardutea eskatzen dute, tokikoetatik eta globaletatik. Erakunde publikoen politika guztiek giza garapena ahalbidetu behar dute eta desberdintasunen aurkako borroka jorratzen lagundu behar dute ikuspegi kausal, integral, eraldatzaile eta ingurumenarekiko jasangarria den ikuspegitik.
Euskadiko erakundeekin eta gizarte-eragileekin interakzioa, elkarrizketa eta gogoetak egitearen alde egiten dugu. 2030 Agendako Lehentasunen Euskal Programarekin konprometitura dagoen eragile aktiboa gara. Gizarte-eredu humanoagoaren alde egiten dugu lan, beharrezko aliantzak sortuz eta herritarren inplikazioa duten bideak ezarriz.
Bide horretan funtsezkoak dira aliantzak eta sarean egindako lana, betiko moduan, inor ez uzteko atzean, eta herritarren zerbitzura dauden eta aukera-berdintasuna bermatzen duten politika publikoak eskatu eta pertsona guztien dibertsitateari balioa emateko. Eta Hirugarren Sektore Sozial gisa erantzukizunetik, gardentasunetik eta elkartasunetik egiten dugu.