Gizarteratzeko eta Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala indartzeko boluntario eta profesional gisa hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbideari aitorpena
Gonzalo Rodriguez Aguirregoitiari emango diogu aurtengo Sareen Saria, Caritasen eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko hainbat erakundetan izandako ibilbidea eta konpromiso handia aitortzeko. Sareen Sarearen Zuzendaritza Batzordeak Gonzalo hautatu du 30 urte baino gehiagoko dedikazioagatik eta bereziki nabarmendu du Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala indartzeko eta bateratzeko egin duen lana.
Sareen Sariak Euskadi solidarioagoa, kohesionatuagoa eta inklusiboagoa eraikitzen lagundu duten pertsonen ibilbidea aintzatestea du helburu. Sari banaketa maiatzaren 10ean egingo da, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna ospatzeko Bilbon egingo den ekitaldian.
Hiru hamarkadako konpromisoa
Caritas Bizkaian hasi zuen Gonzalo Rodriguezek bere ibilbidea Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialean. Hasieran boluntario gisa hasi bazen ere, ondoren, hiru hamarkada baino gehiagoz izan da erakunde hartako langilea. 2023ko abenduan erretiroa hartu zuen arren, aktibo jarraitzen du gizarteratzearen aldeko konpromisoan, berriz ere boluntario gisa parte hartuz.
Bere ibilbidean, Gonzalo Rodríguez funtsezko figura izan da Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren garapenean, gobernantza eta erakunde desberdinen arteko sare-lana sustatuz. Elkarrizketa Zibilerako Mahaia sortzeko eta abian jartzeko dinamizatzaileetako bat izan zen. Mahai horrek Eusko Jaurlaritzaren eta Hirugarren Sektore Sozialaren arteko elkarrizketa erraztu nahi du, politika publikoen diseinua eta betearazpena hobetzeko.
Bestalde, Gizardatz elkarteko presidente gisa, Bizkaian irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekintzako erakundeen patronala egituratzea ahalbidetu du. Era berean, Hirekin federazioko presidente gisa, bultzada handia eman dio Euskadiko hiru lurraldeetako esku-hartze sozialeko erekundeen patronalen eraikuntzari. Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko Sareen Sarearen presidentea izan da ere. Sare hori 13 erakunderekin sortu zen eta, gaur egun, guztira 17 biltzen ditu.
Gonzalo Rodríguezen sena, konpromisoa eta etengabeko ahalegina funtsezkoak izan dira gizarte inklusiboago eta solidarioago bat eraikitzeko. Bera bezalako pertsonei esker, gaur egun, gero eta indartsuago eta kohesionatuago dagoen Hirugarren Sektore Soziala dugu.