Maiatzaren 12a, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna
Maiatzaren 12an Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna ospatu da, Sareen Sareak antolatuta. Bertan, Iñigo Urkullu lehendakariak hartu du parte, eta Sareen Saria eman diote Mª Ángel Arbaizagoitiari.
Ekitaldi horrek, 2016ko maiatzaren 12ko 6/2016 Legea indarrean sartu izana oroitzen du. Lege horrek Euskadiko hirugarren sektore sozialean lehena eta oraina markatu baitzuen. “Eraldaketa sozialeko unibertso bat” lelopean, Sareen Sareak #SAREIDOSKOPIO kanpaina aurkeztu du. Ideia horren bidez, gizarte-erakundeek egunero lan egiten dute Euskadi bidezkoagoa, solidarioagoa, kohesionatuagoa eta sozialki inklusiboagoa eraikitzeko.
Aurten, gizarte-erakundeek euren eguna ospatu ahal izan dute egungo osasun-krisiari egokitutako formatu batean. “Iaz pandemia bat-batean sartu zen eta ezin izan genuen ezer egin. Aurten ez dugu egun hau ospatzeko aukera galdu nahi izan”, adierazi du Borja Doval Sareen Sareako presidenteak. Zentzu horretan, ekitaldia zuzenean eman da Sareen Sarearen Youtubeko kanaletik, bertan egon ezin izan diren herritar, erakunde eta eragile sozial eta politiko guztiekin egun hori partekatu ahal izateko.
Ekitaldian Iñigo Urkullu lehendakariak parte hartu du, eta gizarte erakundeei eskerrak eman dizkie “guztion onerako eta gizarte justuago baten alde egindako lanagatik”. Zentzu horretan, Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeek “ongizate kolektibo hori eraikitzen laguntzen dutela” azpimarratu du, “pertsona bakoitza oinarri hartuta, parte-hartzea bultzatzen dute, eskubide eta erantzukizun publiko partekatuak defendatzen dituzte esku-hartze sozialaren esparruan”.
Bestalde, Sareen Sareako presidenteak eta presidenteordeak partekatutako hitzaldian, “funtsezko zerbitzuak ematen dituen eta pertsonekin konpromiso sendoa duen sektorearen garrantzia” azpimarratu dute. “Krisi guztietan, eta baita honetan ere, erakunde sozialen lana funtsezkoa da gizartearen ongizaterako, funtsezkoa egoera zaurgarrian dauden pertsonen eskubideen babesa bermatzeko”, azaldu du Borja Dovalek. Gainera, sektoreak erakunde publikoen barruan eta haiekin batera premiazko erantzun bateratuak antolatzeko duen gaitasunaren balioa azpimarratu du elkarteak. “Gure sektoreak funtsezko rola jokatzen du botere publikoen aliatu gisa pandemiaren ondorio negatiboak murrizteko eta kaltetutako pertsonak laguntzeko”, azpimarratu du Soraia Chacón Sareen Sareko presidenteordeak.
Sareen Saria
Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna, halaber, Euskadi solidarioagoa, kohesionatuagoa eta inklusiboagoa eraikitzen lagundu duten pertsonen lana aitortzeko unea da. “Sareen Saria saria Mª Ángeles Arbaizagoitia Fedeafeseko presidenteari eman diogu aurten, boluntariotzan 30 urte baino gehiagoko eskarmentua duena. Bere ibilbide luze eta oparoan erantzun kolektiboak eraiki ditu osasun mentalaren esparruan, eta erreferente bat da sektore osoan, Araban eta Euskadin ere”, azaldu du Sareen Sareko presidenteak. Omenaldia eskertu du Arbaizagoitiak eta “osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonentzako baliabideetan gehiago inbertitzea” eskatu du, “giza eskubideen errespetua eta pertsonen bizitza autonomoaren sustapena kontuan hartuta”.
Erresilientzia pandemiaren aurrean
Aurtengo ekitaldiaren gai nagusia erakunde sozialen erresilientzia izan da, Covid-19ren inpaktuaren aurrean. Mahai-inguru bat egin da, ustekabeko ondorioak ekarri dituen pandemiaren aurrean, erakundeek egokitzeko eta erantzuteko izan duten gaitasunari buruz. “Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialak erresilientzia eta bizkortasuna erakutsi du askotariko beharrizan sozialei erantzuteko”, adierazi du Borja Dovalek.
Lucía Merino Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokiko koordinatzaileak moderatutako solasaldi batean, gizarte-eremu desberdinetako hiru euskal elkarteren esperientziak entzun ahal izan dira. Agintzari elkarteko Yolanda Martinek, Agipad elkarteko Felix Sarasuak eta Ascudeaneko Vanessa Resak krisialdian zehar nola lan egin duten kontatu dute eta zein programa jarri dituzten martxan hainbat behar soziali erantzuteko. Dolu traumatikoari laguntzeko programak, bazterketa-egoeran dauden eta adikzioak dituzten pertsonei laguntzeko unitate mugikorrak edo familia zaintzaileek mendekotasuna duten pertsonekin egiten duten lana izan dira, besteak beste, solasaldian aurkeztutako esperientziak.