Lehendakariak SestaoBarri enplegu-zentro bereziaren instalazioak bisitatu ditu. Bertan, beren jardueraren zati bat larrialdietako ekipoetarako babes handiko maskarak ekoizteko bihurtu dute. Pablo González Sareen Sareako presidenteak ere parte hartu du bisitaldian.
Iñigo Urkullurekin batera izan dira: Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua eta Txema Franco Lantegi Batuakeko zuzendari nagusi eta EHLABE (Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkarteko) presidentea, Pablo Gonzalez Sareen Sareko presidentea, Susana Gorbeña Lantegi Batuak Fundazioko presidentea, Pablo Moratalla EHLABEko koordinatzailea, Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordea, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea eta Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusia, besteak beste.
Txema Francok azaldu duenez, Covid-19aren krisiaren aurrean, SestaoBarri enplegu-zentro bereziak bere jardueraren zati bat birmoldatu du, arnas babeserako ekipoak ekoizteko linea berri bat sartuz. Proiektuan lan egiten duten pertsonek, bi txandatan, babes handiko maskarak ekoizten dituzte larrialdietako taldeentzat (suhiltzaileak, babes zibila, desinfekzio- eta garbiketa-lanak, etab.).
Lehendakariak koronabirusak sortutako beharrizan berriei heltzeko EHLABEri atxikitako enpresek izan duten “egokitzapen azkarra” nabarmendu du. Beatriz Artolazabal sailburuak ere nabarmendu du gizarteratze-enpresek “berebiziko garrantzia” dutela gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonen gizarteratzea bermatzeko.
SestaoBarri Lantegi Batuak-en sarean dago, eta 2019ko urrian inauguratu zen. Instalazio horietan ehun bat pertsona izaten dira lanean, adimen edo gorputzeko desgaitasun bat dutenak. Mihiztatzeak eta elektronika hornitzen dizkiote hainbat sektoreri, adibidez, energia berriztagarriei, ibilgailuen industriari edo burdinbide-sektoreari, besteak beste. Beste gizarteratze-enpresa eta enplegu-zentro berezi batzuk bezala, azken asteotan gutxiago produzitu dute, eskaria ere urritu egin baita; izan ere, haiek hornitzen dituzten enpresa askok eten egin dute produkzioa.
Enplegu-zentro bereziek eta EHLABEri lotutako enpresek 9.530 lagun ingururi ematen diete lana, eta horietatik 2.800 aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente (ABEEE) baten eraginpean daude dagoeneko. EAEko 44 laneratze-enpresetatik 43 biltzen ditu Gizatea elkarteak. Bertan, ABEEEak eragindako pertsonak bazterketa-arriskuan dauden kolektiboetako 300 izan daitezke guztira.