Sareen Sareak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu dituen proposamenak euskal gazteen autonomia eta emantzipazioa erraztera bideratuta daude.

Legearekin batera baliabide ekonomikoak izatea eta gazte guztien arteko aukera-berdintasuna bermatzea eskatu dugu.

Era berean, arauaren testua errazago ulertzeko irisgarritasun kognitiboa kontuan hartzeko eskatu du elkarteak.

Legeak gazte guztiak aniztasun osoan integratzea espero du Sareen Sareak.

Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialak etorkizuneko arauaren proiektuarekiko duen jarrera azaldu dio Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika eta Gazteria Batzordeari.

Sareen Sareak ongietorria eman dio Legeari, “Euskadiko Gazteriaren Euskal Sistema artikulatzen eta nerabeen zein gazteen garapen pertsonal eta kolektiboan lagun dezakeelako”.

“Gazteriaren Euskal Legea edukitzea gazteen ikuspegia euskal politika publikoetan txertatzeko bidean aurrera egitea da, gazteen ahalduntzea, garapena eta parte-hartzea helburu hartuta. Aldi berean, Euskadi hobea eraikitzeko bidean aurrera egitea ahalbidetzen du”, adierazi du Sareen Sareak. Horretarako, arauak behar adina baliabide izatea funtsezkoa dela azpimarratu du erakundeak. “Aurreikuspen ekonomiko egokia behar da etorkizuneko gazte-politikak garatzeko”.

Bestalde, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeek, “horietako asko gazteen ekimenetik bertatik sortuak”, gazteriaren euskal estrategiaren edozein esku-hartze ildotan proiektuak garatzen dituztela nabarmendu du Sareen Sareak. Ildo horiek lege-proiektuaren 18. artikuluan jasota daude eta, beraz, “Euskal administrazioen eta gazteriaren arloko hirugarren sektore sozialaren arteko lankidetza sustatzeko eta bermatzeko behar diren organoak aktibatzearen” alde egiten dute erakunde sozialek.

Parte-hartze horren bidez, “gazte guztiak aniztasun osoan integratzen” laguntzea espero du Sareen Sareak, “batez ere babesgabetasun, desberdintasun edo ahultasun egoeran daudenak”.

Inklusioa eta parte-hartzea

Sareen Sareak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu dituen proposamenak autonomia eta emantzipazioa erraztera bideratuta daude, baita gazteen sustapena garatzera eta euskal gazteen parte-hartzea handitzera ere. “Lehenik eta behin, Gazteen Euskal Legeak gazte guztien arteko aukera-berdintasuna bermatu beharko du, behar eta arazo zehatzak kontuan hartuta”, adierazi du Sareen Sareak.

Zentzu horretan, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialak azaldu du “funtsezkoa” dela estrategia espezifikoak abian jartzea, gazte-talde zaurgarrienei: hala nola, pobrezia eta bazterketa egoeran edo egoteko arriskuan daudenei; desgaitasuna duten gazteei; beste herrialde batzuetatik datozenei edota genero-desberdintasuna pairatzen dutenei. “Guztien beharrei erantzun behar zaie, inklusioa eta parte-hartzea bermatzeko”.

Gainera, Sareen Sareak gazteria-politika berrikustea eskatu du, garapen jasangarriaren ikuspegitik, 2030 Agendaren helburuak betez. Era berean, legearen testua 12 eta 17 urte bitarteko pertsonentzat formatu “atsegin” batera egokitzeko proposamena helarazi dute gizarte-erakundeek, testuak errazago ulertzeko irisgarritasun kognitiboa ere kontuan hartuz.

Soraia Chacon Sareen Sareako presidenteordeak eta elkarteko Haurren eta Nerabeen Eskubideen Batzordeko bozeramaileek batzorde horrek egindako dokumentu bat aurkeztu dute, lege-proiektuaren artikuluei buruzko proposamen sorta bat jasotzen duena.