Prozedura irekita dago eta eskaerak Etxebizitza Sailburuordetzara bidali behar dira
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeek proiektu sozialetarako azpiegiturak eskatu ahal izateko prozedura eta baldintzak aurkeztu ditu.
Prozedura EHSSko sareei aurkeztu zaie Etxebizitza Sailburuordetzaren bidez, Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren esparruan. Babes publikoko etxebizitzak eta lokalak EHSSko erakundeei esleitzea da helburua, proiektu sozialen azpiegitura-beharrei erantzuteko.
Prozedura irekia da eta eskabideak Etxebizitza Sailburuordetzara bidali behar dira, administrazioak ezarritako edozein bide erabilita. Eskabideekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:
- Eskatutako etxebizitzaren edo lokalaren ezaugarriak: kokapena, azalera eta logela kopurua (etxebizitzen kasuan).
- Proiektuaren memoria, gutxienez datu hauek jasota: helburuak, hartzaileak (profila eta jarduketa-eremua adierazita), jarduerak eta baliabideak (proiektua ezartzeko benetan erabil daitezkeen baliabide ekonomikoak adierazita).
- Elkartearen estatutuak.
Proiektua eskatutako etxebizitzan edo lokalean ezarri beharko da ebazpena eman eta gehienez ere 90 eguneko epean, eta ezingo da egon erantzukizun publikoko katalogo eta zorroetan sartutako zerbitzuen hornidurarekin lotuta. Lagapenek 5 urteko epea izango dute, eta beste 5 urteko luzapena, hala badagokio. Prozedurari eta eskaera-baldintzei buruzko informazio osoa dokumentu honetan kontsulta daiteke.
Beharrak identifikatzea
Sareen Sareak erakunde sozialen arteko azpiegitura-premiei buruzko galdetegi labur bat egin zuen 2020an, antzemandako beharrak azpiegitura eskuragarriekin gurutzatu ahal izateko. Guztira, 40 erakunderen beharrak antzeman ziren 68 proiektutarako. Hori guztia Etxebizitza Sailburuordetzara igorritako dokumentu batean jaso da, une oro Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako Sailarekin lankidetzan egindako prozesu batean. Galdetegiaren emaitzak jaso ostean, EHSSko gizarte-azpiegituren beharrak identifikatu ahal izan dira eta eskaera-prozedura hau egiteko balio izan du.