Ilusioz begiratzen diogu 2024 urteari, Euskadi inklusiboago eta solidarioago baten alde lanean jarraitzeko

Urtea amaitzen ari da eta aprobetxatu nahi dugu Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeek beren onena eman duten urtea errepasatzeko, sozialki justuagoa eta sozialki inklusiboagoa den Euskadi baterantz aurrera egiten jarraitzeko.

Ilusioz begiratzen diogu 2024ari, gizartea eraldatzen jarraitzeko grinarekin. Baina nahi dugun etorkizunerantz aurrera egiteko, garrantzitsua da iraganean elkarlanean egin dugun lanari balioa ematea. Hori dela eta, Sareen Sareak Hirugarren Sektore Sozial indartsuago eta kohesionatuago baterako bidean garrantzitsuenak iruditzen zaizkigun mugarri batzuk balioetsi nahi ditugu.

Sektorearen indartzea eta kohesioa

2023an Sareen Sarea indartzeko gertaera garrantzitsu bat gure erakundean sare berri baten sarrera izan da: Umeekin, Minbizia duten Haurren Familien Euskadiko Federazioa. Egun 17 sare gara eta erakunde berriak Sareen Sarera gehitzea nabarmentzekoa da, sektorea indartzeko eta Euskadi inklusiboagoa, bidezkoagoa, solidarioagoa eta parte-hartzaileagoa sustatzeko.

Bestalde, azken urteotako lanaren eta kolaborazioaren ondorioz, lankidetza-hitzarmena sinatu dugu Unicefekin. Urrats garrantzitsua da Euskadin haurren eta nerabeen eskubideak bermatzeko bidean aurrera egiteko.

Aurten ere aurrera egiten jarraitu dugu Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren finantzaketan eta iraunkortasunean. Nabarmentzekoa da, adibidez, Ferrer i Guàrdia Fundazioak Estatuko Hirugarren Sektore Sozialaren finantzaketari buruz egindako azterlan batean parte hartu dugula. Era berean, urte amaieran, Hirugarren Sektorearen Plataformak Valladoliden antolatutako topaketan parte hartu dugu, Hirugarren Sektoreak gaur egun dituen erronkak eta aukerak aztertzeko, finantzaketa-estrategietan arreta berezia jarrita.

Esparru Etikoa eta Kode Etikoa

Beste mugarri aipagarri bat Esparru Etikoa eta Sareen Sarearen Gobernantzarako eta Kudeaketarako Kode Etikoa onartzea da. Lan hori 2022an gobernantza eta egitura modu berrien inguruan hasitako hausnarketa-prozesuaren emaitza izan da. Sareen Sareari koherentzia, kohesioa eta kalitatea ematea da helburua, bai eta elkarreragin-modu desberdinak gardentasunez bideratzeko tresna bat lortzea ere.

Eragin politikoa

Eraginaren eremuan, 2023 jarduera biziko urtea izan da Sareen Sarearentzat. Gertakari garrantzitsuenen artean, EHSSk hainbat arau-proiekturi egindako ekarpenak azpimarra ditzakegu, hala nola onartu berri den Enpleguaren Euskal Legeari, Haurren eta Nerabeen Lege proiektuari eta sektorearentzat garrantzitsuak diren beste lege eta dekretu batzuei, hala nola azaroan onartutako Gizarte Itunaren Dekretuari edo Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren Erreglamenduaren Dekretuari.

Abenduan beste aurrerapen garrantzitsu bat egin dugu, alegia, Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaian lortutako akordioa Zainketen aldeko Euskal Ituna egitera bideratuta. Abiapuntu garrantzitsua da egungo zainketa-eredua eraldatzeko eta pertsona guztientzat pertsonalizatua, irisgarria eta eskuragarria izango den sistema publiko eta komunitario bat eraikitzeko.

Eraldaketa digitala

Maiatzean Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna ospatu genuen, urtero bezala, Euskadi solidarioago eta inklusiboago baten alde lan egiten duten milaka pertsonen lana eta konpromisoa aldarrikatzeko. Aurten, gainera, EHSSko eraldaketa digitalari buruzko hausnarketarako gune bat eskaini genuen ekitaldian. Bertan, pertsonak eta haien beharrak barne hartuko dituen eraldaketa digitalaren eraikuntza sozialari ekiteko beharra aldarrikatu zen.

Berrikuntza partaidetzan

Parte-hartzeari dagokionez, aurten bide berri bat ireki dugu iLab, Euskadiko Parte-hartzeko Berrikuntza Guneko, agente-eragile gisa. Sareen Saretik urteak daramatzagu aktiboki lanean OGP Euskadin, eta orain espazio berri horretan hasiko gara, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialean parte-hartzearen arloan ematen ari diren esperientzia berritzaileak bultzatzeko.

2030 Agenda eta GJH

Sareen Sareak aktiboki parte hartzen du Trantsizio Sozialerako eta 2030 Agendarako Eragile Anitzeko Foroan. 2023an aurrerapauso handiak eman ditugu Euskadin Garapen Jasangarrirako Helburuak ezartzeko. Esparru honetako mugarri nabarmenetako batzuk dira GJHen Euskal Aliantzaren sorrera eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeetan GJHen kudeaketari buruzko ikaskuntza-saioak garatzeko abenduan aurkeztu dugun proiektua. Gainera, Eragile Anitzeko Foroaren 2024ko Planari egin dizkiogun ekarpen guztiak onartu direla nabarmendu nahi dugu.